el-mozo

El Mozo Wines

Itxaso Compañón eta Gorka Mauleón

Lantziego (Araba)

Mahastizainen familietakoak izan arren Itxasok eta Gorkak mahastietatik urruneko bideak hartu zituzten gaztetan. Izan ere 2009an Itxasoren aita minbiziz gaixotu zenean Bartzelonan bizi ziren. Itxaso zinema ikasketak amaitzen ari zen eta Gorka informatikaria zen. Aita hiltzean bizitzaren aldeko apostua egin zuten eta mahastiei segida hartzea erabaki zuten. Hasieratik argi izan zuten aita hiltzea leporatzen zieten kimikoak ez zituztela erabiliko eta nekazaritza ekologikoan ari dira ordutik.

Hastapenak ez ziren batere errezak izan. Bartzelona utzi eta den-dena berria zen haientzat. Inoiz ez zuten mahastietako lanik egin. Gainera Lantziegon inork ez zuen bere ardo propioa egiten (are gutxiago ekologikoan lan egin). Haien aiton-amonek eta gurasoek egin bezala denek kooperatibari saltzen zioten mahatsa. Poliki-poliki lanbidea ikasten joan ziren, baita bi urteko mahasgintza-ardogintza eta enologia ikasketak egin ere.

Bien aiton-amonen eta Itxasoren aitak landatutako mahastiekin El Mozo Wines (Itxasoren aitonaren goitizena zenaren omenez) sortu zuten. Zortzi hektarea horiei orain dela gutxi erositako bi hektaretako mahasti zaharrak gehitu dizkiete, denak Lantziegon. Mahasti gazteenek 20 urte dituzte eta zaharrenek ia 80.

Gehiago jakin

Lurra, klima eta mahats-barietateak

Hogei lursailetan sakabanatutako mahastien lurzorua buztin-karetsua da batik bat. Gutxi batzuetan harezkoa da.

Mahastiak 440 eta 700 metro bitarteko altueran daude, hegoalderantz kokatuak eta klima mediterraneoaren eta atlantikoaren eragina dute.

Lantziegon eta eskualdean tipikoak diren tempranillo, garnatxa (gutxi), biura eta malvasiarekin lan egiten dute.

Mahasgintza

2010ean kimikoen kontrako jarrera emozional batetik abiatu zuten bideak urteekin nekazaritza ekologikoa bere osotasunean sakontzera eta ulertzera eraman zituen. Herriko beste mahastizainek esaten zietenaren kontra argi ikusi dute posiblea dela horrela lan egitea eta urtetik urtera mahastia indartsuagoa dela eta mahatsen kalitatea handiagoa dela nabaria da.

Horrela haien lana gutxieneko esku-hartzean eta mahatsaren kalitatearen zainketan oinarritzen da.

Gainera Naike agentziarekin lurzoruen PH aztertzen ari dira, lursailka.

Mahasti gazteenetan besorako mahatsondoak dituzte eta zaharrenetan basoan dituzte.

Ardogintza

Ardoa egiteko orduan Itxasok eta Gorkak argi dute ardoa mahastian egiten dela eta ikuspuntu horretatik, mahastitik bertatik abiatuta, hartu nahi dituzte erabakiak lursaila>mahats barietatea>ardoa katea osatuz. Horrela lursailen eta bertan dauden mahatsen arabera sortu nahi dituzte ardoak. ‘El Cosmonauta y el viaje en el tiempo’ adibidez 40. hamarkadan Gorkaren aitonak landatu zuen Viñaspre izeneko mahastian aurkitzen diren mahatsekin ekoiztua da soilik, hau da, tempranillo, garnatxa, biura eta malvasia, dena nahastua eta agertzen diren proportzioak errespetatuz.

Mahastietan bezala upategiaren lana gutxieneko esku-hartzean oinarritzen da. Bide horretan etorkizunean ardo guztiak sulfitorik gabe ekoiztea da helburua. Egun jada bi ardoetan horrela egiten dute.

Itxaso eta Gorkaren ardoak denboran zeharreko bidaia bat dira. Iraganean dute inspirazioa, kimiko industrialak heldu baina lehenagoko garaietan, haien aiton-amonek edaten zituzten ardoak haien dastamena aurkitu ahal dugu eta hala ere, zalantzarik ez dago, etorkizuneko ardoak dira, belaunaldi gazteekin konektatzen dutenak direlako. Ardo zintzoak dira, zuzenak. Haiek bezalakoak: herriko ardoak.

Urtero guztira, bataz beste, 50.000 botila ekoizten dituzte.