Ardoaren kultura
bizia Euskal Herrian

Zer da ardo ekologikoa?

Ingurumenarekiko errespetuan oinarritzen den nekazaritzatik datorren ardoa da; pestizida, herbizida edo beste produktu kimikorik gabe landua.

Zer da ardo naturala?

Mahats ekologiko edo biodinamikoekin egindako ardoa da, upategian esku-hartze minimoa duena, hau da, mahats-zukuari ezertxo ere gehitu eta kendu gabea (ez bada gehienez litroko 30mg sulfitoen gehitzea). Mahats-zuku hartzitua, besterik ez!

Zer da ardo biodinamikoa?

Nekazaritza biodinamikotik datozen mahatsekin egindako ardoa da. Nekazaritza biodinamikoa ekologikotik harago doa, eta Rudolf Steiner-en printzipioetan oinarritzen da batik bat: biodibertsitatea, lurraren eta landareen bizi-indarra, energiak eta prestakin naturalak kontuan hartzen dituzten printzipioetan, besteak beste.

Zer da vigneron (mahastizain-ardogile) izatea?

Nekazaria eta artisaua izatea da, bere inguru natural eta humanoarekin konprometitua dagoena. Mahastia landu eta zaintzen du, eta bere ardo propioak egiten ditu.

Zer lortu nahi dugu Euskal Herrian?

Itxaropentsu ikusten dugu gure herrialdean indarra hartzen ari dela ingurumenaren zaintza eta tokian tokiko kontsumoa, kontsumo sozial eta ekologikoagoa, eta ardoaren industria zaharkitua iraultzen hasia den nazioarteko mugimendu indartsua badela badakigu, gure moduko mahastizain-ardogileek sustatua. Ez dugu nahi Euskal Herria mugimendu geldiezin, pozgarri eta errebelde horretatik kanpo geratzea.

Orain dela berrogei urte kimikoak Euskal Herrira heldu baino lehenago edaten zen eta une sozial guztien erdigune zen ardo osasungarri hark dagokion lekua berreskura dezan eta belaunaldi berriak gure kultura horren parte izan daitezen nahi dugu.

Zer da ardoaren kultura bizia?

Gure milurteko kulturaren atal garrantzitsua da guretzat ardoa; eta kultura hori iraunarazi egin nahi dugu landa-eremua, gure barietate autoktonoak, lan egiteko modu tradizionalak, zapore eta aroma bereziak desagertzeko arriskuaren aurrean. Gure bizitzeko eta lan egiteko modua gure herri eta eskualdeak, gure mahastiak, gure ardoak eta gure inguru naturala babesteko modua dela uste dugu. Hortaz, ardoaren kultura herritarra, soziala, jai-girokoa eta komunitarioa pizten lagundu nahi dugu.