Zure saskia hutsa dago!
Orain dela hilabete bat Biba Ardoak Donostian aurkeztu genuelarik ezin genuen pentsatu bi asteren buruan zein egoeratan aurkituko ginatekeen denok. Krisi larri honek ezustean kolpatu gaitu. Eta horrela, zoritxarrez, orain dela urte bat kooperatiba sortzera bultzatu gintuzten gure hausnarketa batzuk baieztatu dira.
Orduan aipatzen genuenez sistemaren garapenak (edo galbideak) ezinbestean krisi berriak ekarriko lituzke etorkizun hurbilean. Guk erregaien krisia aurreikusten genuen lehenik. Horregatik ikusten genuen ezinbestekoa zela indarrak batzea eta gure merkatua birtokiratzea ahalik eta gehien. Antolakuntza egitura erresilienteak behar genituen.
Globalizazioa eta naturaren suntsipena dira ziurrenik krisi honen sorburuan dauden arrazoietako batzuk. Krisi honek agerian utzi du zer den beharrezkoa eta ezinbestekoa eta zer ez. Krisi honek galdera zuzenak pausatzen dizkigu. Krisiaren ondorengoa ezin da izan orain artekoa bezalakoa.
Beraz, aurkezpenean genioen bezala, guk gure onena ematen dugu egunero gure mahastietan lurra eta ingurumena zainduz, upategietan ardo ekologiko eta osasuntsuak ekoiztuz. Bada ordua gizarte bezala bizitza, osasuna eta naturaren zaintza lehentasuna bihur dezagun.
Aldi berean ezinbestekoa da tokiko merkatua, tokiko sareak, tokiko kontsumoa, kooperazioa eta elkartasuna antolatzea. Bide horretan ari gara. Eta bide hori zuekin egin nahi dugu. Gure herriarekin. Balia dezagun krisi hau buruz-behera dagoen mundu hau bere onera ekartzen hasteko. Denok garaile aterako gara.