fbpx

Skip links

Biba Ardoak Donostian aurkeztu genuen

[Bideoa behean] Mila esker martxoaren 2an Tabakaleran egin genuen aurkezpenera hurbildu zineten lagun, ostalari, kultur sortzaile, kazetari eta ardozale guztiei.

Egitasmo berri honen nondik norakoak azaldu zituen Arturo Villanueva, proiektuaren koordinatzaileak. Biba Ardoak Euskal Herriko ardo ekologiko, biodinamiko eta naturalen banaketarako sortu dugun mahastizain-ardogile txikien proiektu kooperatiboa da. “Baina hortik haratago, Euskal Herrian ardoaren kultura berri, bizi eta herrikoia sustatzeko jaio gara”.

Dagoeneko hasi gara Euskal Herriko hamaika jatetxe, taberna, denda, kontsumo kooperatibetan eta jaietan gure ardoak banatzen. Lehen sei hilabete hauetan indarrak gehienbat Donostian kokatu baditugu ere emeki-emeki gainontzeko hiriburu eta eskualdetara zabalduko dugu gure eskaintza. Helburua, sare erreferentzial bat osatzea da, ardo kultura berria, bizia, osasuntsua eta herritarra bultzatzeko.

Biba Ardoak osatzen dugun hamalau upategietako mahastizain-ardogileok ere izan ziren aurkezpenean: Gil Berzal, Hontza, El Mozo, Biurko Gorri, Mendiko, Lezaun, Azpea, Aristu, Espila, Bordatto, Urkizahar, Baztango Xurie eta Bordaxuria. Zoritxarrez bildots jaiotze garaian egonik Ulibarri Artzaiakeko Iker eta Asier mahastizain eta artzainek ezin izan zuten etorri. Guzti horien izenean hartu zuten hitza El Mozoko Itxaso Compañón Arrietak eta Mendikoko Imanol Ibero Azkaratek eta beraien txikitasunetik Euskal Herriko ardoak biziberritzera datozela adierazi zuten. Ostalarien izenean Ion Ansa Mendizabal Tabako arduradunak ekimenaren sorrera zoriondu zuen eta partehartailei zein bertaratutakoei ongi etorria eman zien.

Aurkezpenaren ondoren, Biba Ardoak osatzen dugun mahastizainak ezagutu eta gure ardoak dastatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek, Tabako pintxoez lagundurik eta DZ DJak giroturik. Ekitaldia amaitu ondoren, gainera, Tabako pop-up ardo ostatuaren botila irekien gaua ospatu zen eta bertan Biba Ardoakeko ardo desberdinak dastatzeko aukera izan zen festa berandu arte luzatuz.

Top