Atzokoan Apirilak 23 eta 24an burutuko den Euskal Herriko Ardo Ekologikoen eta Naturalen Azokaren aurkezpena egin dugu Donostiako Miramarren. Bertan Arturo Villanueva eta Gwladys Gublin-ek hitza hartu dute (Biba Ardoak) eta Arantza Eguzkiza (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren lehendakaria, ENEEK), Mirian Otxotorena (Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren lehendakaria, NNPEN ) eta Chyntia Pereira Donostiako Arenales tabernako ostalaria egon dira sostengua ematen. Gaurkoan ere ezin izan dute egon baina sostengua helarazi diote azokari BLE-k (Ipar Euskal Herriko Biharko Lurrearen Elkartea) eta Saretuz (Donostiako Kontsumo Arduratsu eta Kontzientearen Sarea).

Hauxe aurkezpenean irakurritako testua:

Biba Ardoak ardo ekologikoak banatzeko kooperatiba bat gara. Euskal mahastizain-ardogileak gara. Independenteak izateko, gure lanetik hobeto bizitzeko eta gure ekosistema errespetatzen duten lurrarekiko eta ardoekiko dugun grina transmititzeko batu gara.

Biba Ardoak Euskal Herri osoan sortu den mota honetako lehen egitura da non mahastizainak elkarrekin merkaturatzeko antolatzen dira.

Gure kooperatiba sortuz, ekoizle eta bezero profesionalentzako nahiz partikularrentzako bidezko banaketa-sistema elikatu nahi dugu, gardentasunez eta balio agroekologiko, solidario, gizatiar, KM0 eta zirkuitu laburrekin.

Horrekin guztiarekin ardoaren kultura berri bat bultzatu nahi dugu Euskal Herrian, bizia, osasuntsua, arduratsua eta herrikoia izango dena. Gertutik ezagutzen eta jarraitzen dugu nazioartean ardoaren munduan gertatzen ari den iraultza, mahasti-lanari ekologikoki eta ardandegian modu naturalean lan egitera itzuliz. Aldaketa-mugimendu hori oso sakona da, eta belaunaldi gazteenekin lotzen ari da munduko hiriburu nagusietan. Horrela, mahastizainen, ostalarien, artisten, kazetarien eta, oro har, ardoaren maitaleen mugimendu hori tokian bertan egituratu nahi dugu.

Berez ardoaren kultura berri hau ez da hain berria, oso zaharra da. Gure aitona-amonek zuten ardoa egiteko modua da, eta, neurri handi batean, produktu fitosanitarioen eta kimikoen etorrerarekin, nekazaritza intentsiboko moduekin eta familiako upategi zahar eta txikien abandonu progresiboarekin galdu zen. Gure lurzoruak eta gure ingurune naturala 40 urtez suntsitu ondoren, ordua da gure ingurunea birsortzeko eta biodibertsitateari laguntzeko kontrako norabidean lan egiteko.

Ardoa, gure herrian ardoa egin den azken 2000 urteetan gehienetan izan dena izatea nahi dugu. Gorputzarentzako eta espirituarentzako elikagai bat, ospakizunetarako eta komunitatea sortzeko elementu bat, gure kulturaren eta gure ekonomiaren funtsezko zati bat, eta, batez ere, oso herrikoia den zerbait, batere elitista ez dena.

Helburu horrekin antolatzen dugu Biba Azoka, Euskal Herriko Ardo Ekologikoen eta Naturalen Azoka, apirilaren 23 eta 24an, Donostiako bihotzean dagoen Miramar Jauregian. Iaz Tabakalerako Taba espazioan lehen edizio arrakastatsua egin ondoren, aurten Miramarrera joan gara. Horrela, ardo ekologiko eta naturalaren, produktu onaren eta ongi bizitzearen gero eta gehiago diren, zaleak hiriaren erdigunean, hain leku pribilegiatu eta naturaz inguratuan, era erosoagoan jasotzeko. Elkarbizitzarako, topaketarako eta gozamenerako bi egun izatea nahi dugu, profesionalentzat eta publiko ororentzat, familiak barne.

Bi egun horietan, gure mahastizainak zuzenean ezagutzeko aukera izango dute bertaratukoek, baita haien lan egiteko eta bizitzeko modua eta ardoak probatzeko modua ere.

Euskal geografia osoko hamasei mahasti eta upategi txikietako mahastizainak egongo dira, Bizkaiko mendebaldetik Zuberoaraino eta Nafarroa Behereko mendietatik Ebroko ibaiaraino. Udaberrian ateratzen diren urtaldi berriak probatzeko une bikaina izango da, aurretik argia ikusi ez zuten erreferentzia berriekin batera. Ardo zuri, gorri eta beltzez gain, klareteak, champenoise eta anzestral metodoko ardoak, eta ardo laranjak egongo dira. Horrek erakusten du euskal ardo ekologiko eta naturalek kalitate handiz hazten eta dibertsifikatzen jarraitzen duela. 30 urte baino gehiago ekologikoan lanean daramatzaten mahastizain-ardogileak izango ditugu, eta instalatu berri diren belaunaldi berriak edo gurasoen erreleboa hartu dutenak ere bai.

Biba Azokan zehar ardoa ere erosi ahal izango da upategiko prezioan, eta Donibane-Lohizuneko Bocata jatetxearen lagun eta bezeroek muntatutako barran ere jan eta edan ahal izango da.

Biba Azokak goizeko 11etan irekiko du eta arratsaldeko 6etan itxiko da. Sarreraren erosketarekin kopa bat eta 100 ardo baino gehiago dastatu ahal izango dira. Aldez aurreko prezioa 12 €-koa izango da gure webgunean (www.bibaardoak.eus) eta Biba Azokako leihatilan (15€). Ekarpen horrek Biba Azokaren gastuak ordaintzen lagunduko du.

Igande arratsaldean Donibane Lohizungo Radio Dia-ko DJek giroa sortuko dute. Gauean Biba Azokako une gorena izango da, Mahastizainen Afaria, hain zuzen ere. Afaria Fede Pacha gure lagun eta bezeroaren eta Oronako bere Diametro 200 jatetxearen eta Chillida Lekuko Lurra Caféko taldeak prestatuko du. Afaria Alde Zaharreko Gastronomica elkarte mitikoan egingo da, biziki eskertzen dugu haien sustengua eta harreragatik. Sarrerak gure webgunean salgai dira.

Ardo, elkartasun, elkartze eta konpromisozko bi egun zoragarri pasatzera gonbidatzea besterik ez zaigu geratzen.

  • baztango xurie mahatsak

    2020ko bilana 2021ari begirako argia

  • 2023ko Biba Azoka aurkeztu dugu

  • Ama Lurraren Egunean