Zure saskia hutsa dago!
Dena noiz hasi zen zaila da erratea baina izan zen une bat, mugarria izan zena. Bazkari bat. Lapurdiko jatetxe batean. Ostalari bat eta mahastizain bat. Sasoiko barazkiak eta ondoko portutik heldutako arraina mahaiaren erdian. Ardo botila batzuk. Nola ez. Ardoak zerbait ekartzen baldin badu lotura soziala eta bizipoza da. Baita elkarrizketa luzeak, ederrak sortzen ere. Beti laguntzen du, asko. Eta hor bai, urteetako buruhausteek eta frustrazioek zerbait eraikitzeko asmo sendoari lekua utzi zioten. Ordutik bide egiten hasi gara. Bidean beste hamaika mahastizain eta lagun batu zaizkigu, eta indar gehiago eman digu horrek.
Eta hau hastapena besterik ez dela ongi dakigu jakin. Baina erabakitasun osoz abiatzen gara. Dena aldatu nahi genuke. Besterik ez. Amesten dugun herria egunez egun eraikitzen ari gara gure mahastietan eta upategietan, lan gogorra eginez, laborantza ekologikoa eta konprometituan. Eta orain gure herriarekin partekatu nahi ditugu gure lana eta gure ametsak.
Badira 2.000 urte erromatarrek mahastiaren kultura ekarri zutela gure lurraldera, eta gure arbasoek ederki hartu zieten lekukoa. Ardoa erabat errotua dago gure kultura zaharrean, ordutik. Festetan, ospakizunetan, abestietan, literaturan, dantzan, bertsolaritzan. Mendeak eman ditugu euskaldunok mahastiak zaintzen eta ardoa egiten eta mendeetan jarraitu nahi dugu bide horretan.
2.000 urte tartea labur batean bakarrik desitxuratu dugu ardoa. Iruzurra egiten hasi gara. Tarte berean ardoa espekulatzeko, aberasteko erabilia izan da. Azken 40 urteetan besterik ez. Eta ondorioak aspalditik agerikoak dira. Ez bada ez dugula begiratu nahi. Gure mahasti zaharrak desagertu dira, gure herriak hustutzen joan dira. Ekoizpen modu intentsiboa heldu da, kimikoak, mahastizain-ardogilearen lanbidea galbidean jarri…
Eta gu horren guztiaren kontra matxinatzen gara. Guk gure herriak, eskualdeak, natura bizirik nahi ditugu. Gure ardoak bizitzaz beterik nahi ditugu. Gure aitatxi-amatxiek dastatzen zuten ardoa dastatu nahi dugu guk ere. Pozoinik gabe, frutaz beteriko ardoak nahi ditugu. Gure eskubidea ere bada.
Mundu osoan badira urteak jada hain isilpekoa ez den iraultza bat gertatzen ari dela. Ehundaka mahastizainen matxinada heldu da, milaka ostalarien eta kontsumitzaileen laguntzarekin gertatzen ari dena. Mahastizain ardogile askeak ardo naturalak, ekologikoak eta biodinamikoak, ekoizten ari dira Australiatik Austriara, Kanadatik Kataluniara. Kimikoen iritsierari uko egin zioten aitzindariek garai ilunetan argia piztu zuten. Gogorra, oso gogorra izan zen haientzat erabaki horiek hartzea. Ardo naturalak ekoizteari eutsi zioten. Betiko eskertuak izanen gara. Eta guk haien lekukoa hartu genuen, gutako batzuk orain dela 25 urte jada. Orain gure seme-alabak ere segida hartzeko prest dira. Eta harro gaude.
Baina orain ordua da gure Euskal Herri osoan mugimendu hau zabal dadin. Eta ez gara mahastietaz ari bakarrik. Mahastietan iraultza aspalditik hasia da, eta belaunaldi berriak indar handiz heltzen ari dira. Orain zuekin egin nahi dugu, herritarrekin, kontsumitzaileekin, ardozale eta oraindik ardozaleak direla ez dakitenekin. Eta, nola ez, gurekin baloreak, buruhausteak eta ametsak partekatzen dituzten beste nekazari, ekoizle eta mugimenduekin.
Ekin diezaiogun ba, ardo baso bat eskutan, bide eder honi.
Biba lurra. Biba mahastiak. Biba bizitza. Biba ardoaren kultura herritarra. Biba ardoak!