Euskal mahastizain-ardogileak gara

Maite dugu gure lurra, eta gure mahastiei eta gure ardoei emanak bizi gara.

ZER DA BIBA ARDOAK

Salmenta eta banaketa kooperatiba gara, mahastizaintza-ardogintzan pasioz jarraitu ahal izateko elkartuak. Nekazaritza ekologikoan dihardugu, mahatsari eta ardoari zor zaien begirunearekin, artisau-tradizioa eta egungo ezagutzak uztartuz.

Bizitza eta plazera darie banatzen ditugun ardoei, eta Euskal Herriko jende guztiarekin partekatu eta gozatu nahi ditugu.

Modu horretan, ardoaren kultura bizia sortu nahi dugu. Gure milurteko kulturaren atal garrantzitsua da guretzat ardoa; eta kultura hori iraunarazi egin nahi dugu landa-eremua, gure barietate autoktonoak, lan egiteko modu tradizionalak, zapore eta aroma bereziak desagertzeko arriskuaren aurrean pizten lagundu nahi dugu.

Gure bizitzeko eta lan egiteko modua gure herri eta eskualdeak, gure mahastiak, gure ardoak eta gure inguru naturala babesteko modua dela uste dugu. Hortaz, ardoaren kultura herritarra, soziala, jai-girokoa eta komunitarioa pizten lagundu nahi dugu.

Gure aitona-amonek edaten zuten eta haien une sozial guztien erdigune zen ardo osasungarri hark dagokion lekua berreskura dezan eta belaunaldi berriak gure kultura horren parte izan daitezen nahi dugu.

BIBA ARDOAK

Aurkezpena, 2020ko martxoak 3, Tabakalera, Donostia

Zuekiko gure konpromisoak

1

Mahastizain-ardogileak gara. Guk geuk lantzen ditugu mahastiak eta egiten ditugu ardoak. Horrela artisautza, trazabilitatea eta kalitatea ziurtatzen dugu.

2

Mahasti-upategi txikiak gara, giza neurrikoak, gure herri eta eskualdeetan sustraituak eta konprometituak. Kalitatea lehenesten dugu kantitatearen aurretik.

3

Gure ardo guztiak nekazaritza ekologikoan ziurtatutako mahastietako mahatsekin eginda daude. Horrela, gure ingurua, gure osasuna eta gure ardoa edaten dutenena zaindu, babestu eta berreskuratzen laguntzen dugu.

4

Banatzen ditugun ardo guztiak Euskal Herrikoak dira, Irulegi, Nafarroa, Errioxa, Bizkaiko Txakolina eta Getariako Txakolina jatorri deituretakoak, eta baita jatorri deiturarik gabekoak ere.

5

Ekonomia sozial eraldatzaileko enpresa bat gara, mahastizainen kooperatiba bat. Horrela gure burujabetasuna eta lan eta bizi baldintza duinak ziurtatzen ditugu, baita gure eskualdeetan aberastasuna eta garapena sortu ere.

6

Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzako lan egiten dugu. Zer eta nola ekoiztu guk geuk erabaki nahi dugu. Denok dugu ongi jateko eta edateko eskubidea. Elikadura burujabetza eta kontsumo eredu jasangarri baten alde egiten dugu.