Biba Ardoak 2019aren erdialdean sortu bagenuen ere 2020ko martxoan aurkeztu genuen publikoki. 2020a izan da berez urte osoa lan egin dugun lehen urtea. Erritmoa hartu behar genuen urtea izan behar zen hau, urtebete luzez egitasmoa prestatzen egon ondotik.

Lehen pentsamendua izan daiteke ziurrenik inoizko urterik txarrena aukeratu genuela gure kooperatiba abiatzeko. Aurkezpena egin eta astebetera ostalaritza eta merkataritza osoak itxi behar izan zuen. Kolpe latza denentzako.

Hala ere horrek ez gintuen gogogabetu. Are gehiago, Biba Ardoak sortzeko egin genituen gure lehen hausnarketen zuzentasuna baieztatu genuen. Izan ere, argi genuen maite ez dugun sistema honek krisi larriak sortuko zituela hurrengo urteetan eta horren aurrean elkartu, indarrak batu eta tresna erresilienteak sortu behar genituela nahi bagenuen gure etxaldeek, gure bizitza proiektuek aurrera egitea. Aldi berean itxaropentsu ikusten ari ginen tokikoa eta ekologikoaren aldeko herri konzientzia eta proiektuak sortzen eta indartzen ari zirela.

Eta horrela bizi eta ikusi izan dugu 2020 urtea.

Martxoan Donostiako Tabakaleran egin genuen aurkezpenean bizi izan genuen ilusioa eta aste haietan eman genituen hamaika elkarrizketetan gurea bezalako proiektuaren beharra argi ikusi genituen.

Konfinamendua heldu eta etxean geratu ordez etxez etxeko salmenta kanpaina antolatu genuen. Jaso genuen sustengu handiak lagundu zigun hilabete horiek igarotzen eta gure sarea hedatzen.

Askori ere zer pentsa eman zien krisiak eta laster hainbat ostalarik deitu ziguten aldatzeko ordua zela erranez eta gure ardo ekologikoak sartu nahi zituztela haien taberna eta jatetxeetan. Herritarrek sortutako denda kooperatibo berriak sortu eta batu zitzaizkigun ere.

Udan herriko festarik, ez txosnarik, ez zela egongo ikusirik horretarako prestatua genuen proiektua birmoldatu eta Biba besta! pouch-up sortu genuen 7.000 litro garnatxa salduz.

Ekainean Berria egunkariarekin batera kanpaina ederra egin genuen.

Udan ostalaritzaren berrirekitzearekin batera arnas freskoa hartu genuen eta Biba Ardoak hedatzen jarraitu genuen, bereziki Donostiatik Lapurdiko kostaldera.

Irailean ofizialki Olatukoopeko kide bihurtu ginen ekonomia sozial eraldatzailearen beste hamaika kooperatibekin bat eginez.

Irailan eta urrian Orereta, Zerain, Eibar eta Ziburuko merkatuetan parte hartu genuen eta gainera Zerain, Eibar eta Debako hamaika tabernetan gure ardoekin pintxo-pote ekologikoak antolatu zituen Biolurrek.

Azaroan Orona kooperatibako ehundaka langile eta ikasle egunero era osasuntsu eta arduratsuan elikatzen duen Diametro 200 taberna-kantina-jatetxean eta mila familia biltzen dituen Labore Oarso kontsumo kooperatiban gure 30 ardo ekologiko biltzen dituzten ardotegiak sortu genituen.

Abenduan berdina egin genuen Donostiako Kaxilda eta Iruñeko Katakrak liburu denda-jatetxeetan.

Abenduan ere Etxerat elkarteak antolatutako ‘Deposito bete elkartasun’ kanpainaren barruan milaka ardo kutxa saldu dira hamarkana herri eta auzoetan elkartasuna eta elikadura burujabetzari bultzada itzela emanez.

Urtea amaitzeko gure webgunea berritu dugu eta online denda sortu dugu gure ardo ekologikoak, biodinamikoak eta naturalak gure upategietatik zuzenean euskal herritar guztien eskura jartzeko. Urtarrilan zehar webgunea eta denda osatzen jarraitu dugu.

Hastapenak beti zailak badira ere lehen urte honetan baldintza bereziki zailetan lan egin behar izan dugu baina denaren gainetik oso pozik gaude jasotako sustenguarekin eta jorratzen hasitako bidearekin.

Irakaspen asko utzi dizkigu 2020ak. Baita ondorioak ere. Goiz da oraindik bilan oso bat egiteko baina argi ikusi dugu nola elikadura burujabetza, agroekologia, kooperazioa, ekonomia sozial eraldatzailea, elkartasuna, komunitatea eta kontsumo engaiatuaren baloreak indartu eta hedatu diren.

Zalantzarik gabe 2020an sartu ginenean baina oinarri eta baldintza sendoagoekin ekinen diogu 2021ari. 2021ean gure sarea hedatzen, proiektu berriak sortzen eta Biba Ardoak handitzen jarraituko dugu ardo kultura berria, bizia, osasuntsua eta herrikoia bultzatuz.

Mila esker gure lagun ostalari eta dendari guztiei, Sorlandeko lagunak eta bidaide izan zaituztegun denei. Urterik zailenean elkarrekin egindako bidea errazago egin zaigu. Eutsi gogor!

Neguko solstizioak dakarkigun argia ongi ospatu eta ur zizklo berria (urtea) ongi hasi!
Urte berri on!

  • baztango xurie mahatsak

    2020ko bilana 2021ari begirako argia

  • 2023ko Biba Azoka aurkeztu dugu

  • Ama Lurraren Egunean